viernes, 18 de abril de 2008


Sexuak maitasuna antzezten du, ez dagoen oheetan
Ohez ohe askatu gara, sexua lotura izatetik libratu eta kate berri bati lotu gatzaizkio, bakardade onartuarena, nihilismoarenera. Gu gara gure neurri bakarra. Ohez ohe beste neurri baten bila goaz, argi bila; sexuak ez baitio bilaketa izateari utzi, eta ez da iristen, ez da inor azaltzen, bakardadeak elkartzen ditugu, eta bakardadeak mesfidatiak dira, sekretu gehiegi dituzte; sexuak maitasuna antzezten du, ez dagoen oheetan.

Eta hegoalderantz larrutan egiten, hegoalderantz, Rafaelak ez digu jainkorik eskaini, larrutan jarraitzea baino, eta hegorantz, beroa hazten da, eta hainbeste ohe, ez gara dagoeneko aukeratzeko gai, nekatzen garenean geratuko gara, azken gezurrean; inoiz sinestera ausartu ez denarentzat, dena baita gezurra, ñabardurarik gabe, eta beti beldurtuko du ihes egiteko aukerak. Edo ezin eginak. Ohez ohe ere, ez da deus aurkitzen. Dagoeneko, ez dakigu non bilatu.


Uxue Apaolaza

No hay comentarios: